2012tik 2015era ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea izan zen bitartean, Omnium Cultural elkartearekin batera, azken hamarkadetako Kataluniako gizarte mobilizazio garrantzitsuenen sustatzaile izan zen Carme Forcadell (Xerta, 1956). 2015eko urrian izendatu zuten Kataluniako Legebiltzarreko lehendakari eta 2018ko martxoan giltzapetu zuten. Hiru urtez espetxeratuta egon ondotik, ekainaren hondarrean aske gelditu zen Espainiako Gobernuak onartutako indultuen bitartez.
Hasteko, zer moduz zaude?
Ongi. Beti diot berriz bizitzen hasi naizela. Gauza txikiez gozatzen dut, baina gauetan oraindik ere lo egitea kostatzen zait, sarri esnatzen naiz. Espetxetik atera nintzenean zoriontsu egon nintzen, baina zoriontasuna ezin da erabatekoa izan: milaka lagun errepresaliatu daude oraindik, tartean, erbesteratuta daudenak, Marta Rovira laguna, Puigdemont presidentea, eta Toni Comín, Clara Ponsatí, Anna Gabriel eta Lluis Puig.
Nola oroitzen duzu giltzapetuta pasa zenuen lehen eguna?
Shock ikaragarria izan zen hasieran, eta gero, pena eta amorru handia sentitu nuen. Argi nuen ez nuela preso otzan eta itzalia izan nahi. Nirekin bizi ziren emakumeak begiratu eta eurekin interesatu nintzen eta horrela ikasi nuen gauza txikiei garrantzia ematen. Espetxetik lehen bezain errepublikar eta independentista atera naiz, baina feministagoa. Inoiz baino argiago ikusi baitut emakumeon elkartasunak soilik egiten gaituela indartsuago. XXI. mendeko iraultzarik garrantzitsuena feminista izanen da, zalantzarik gabe.
Emakumeek espetxean pairatzen duzuen bazterketa bikoitza salatu duzu azken urteotan.
Emakumeek kondena bikoitza bizi dute: epaileak inposatutakoa eta emakume izanda, gizonezkoentzat pentsatu, diseinatu eta egindako espetxeetan egotea. Gizartea egituraz da matxista eta, beraz, espetxeak ere matxistak dira. Adibidez, Mas de Enric espetxean ez zegoen ile-lehorgailurik. Kirol-instalazioak eta ordaindutako telebista kateak gizonezkoentzat pentsatuta zeuden, eta sukaldean eta hobekien ordaindutako lantokietan edo erabakiak hartzen ziren guneetan gizonezkoak zeuden bakarrik. Hori dena aldatzea lortu genuen.
Nolakoak dira ezagutu dituzun emakumeak?
Gehiengoa gaizkilea zen, baina baita biktima ere. Eta galdera da, biktima izan ez balira gaizkile izango ziren? Bizitza hagitz gogorra izan dute eta sarri bi zutabe garrantzitsu falta izan zaizkie: familia eta heziketa. Hainbatek, gainera, kanpoan bizitzeko gai ere ez du bere burua ikusten eta nahiago du giltzapetuta egotea, horrela behintzat euren erasotzaileetatik urrun daudelako eta janari beroa mahai gainean dutelako.
Madrilen Alacalá-Mecon egon zinen eta Katalunian Mas de Enric-en. Aldaketara egokitzea zaila egin zitzaizun?
Beti diot zorionekoa naizela, Alcalá-Meco izan zelako zapaldu nuen lehendabiziko espetxea eta, gainera, Dolors Bassarekin batera nintzelako: bi ginen eta “espetxe biguina” zen Puig de las Bassas edo Mas de Enric-eko erregimenarekin alderatuz. Baina desberdintasunik esanguratsuena da Alcalá-Meco emakumeen espetxea dela eta Katalunian gizonezkoen espetxe batean sartu gintuztela. Aldaketa zaila izan zen, bai; zuhaitzez, zelaiz eta lorez beteta zegoen eta esparru guztitik, erraztasunez mugitu ahal ginen espetxe batetik heldu ginen. Madrilen ateak eta ziegak irekita zituen errespetuzko modulu batean ginen, asteburuetan kanpora ateratzeko baimenak zituzten eta lehen aldiz espetxeratutako emakumeak edo delitu ekonomiko txikiak zituztenak ziren nire bizilagunak. Mas de Enric-eko espetxea, aldiz, gizonezkoena da, eta emakumeen modulu bakarra du. Zementu anitz du, horma gehiegi, eta funtzionario baten laguntzarekin bakarrik zeharkatu ahal dira beti itxita dauden ateak. Segurtasun neurriak zorrotzak dira.
2016ko azaroan solastatu nintzen zurekin azken aldiz, Berria-n egindako elkarrizketa batean: Kataluniako Legebiltzarreko lehendakaria zinen eta Mariano Rajoy zen Espainiako presidentea. Kataluniako eta Espainiako gatazka konpontzeko Espainiako Estatuan elkarrizketarako prest zegoen gobernu baten beharra aipatu zenuen. Zer deritzozu Pedro Sanchezen gobernuaz?
Ez dut inongo konfiantzarik Pedro Sanchezen gobernuarekin, baina argi dago elkarrizketa eta negoziaketatik gertuago dagoela, apustua estrategikoa den arren. Baina lehen aldiz lortu dugu Espainiako Gobernuak onartzea Kataluniaren eta Espainiaren artean gatazka politikoa dagoela eta, irtenbide politikoa bilatzeko gobernuen arteko negoziazio mahaian esertzea. Gainera, indultuak onartu dituzte, hori ere apustu estrategikoa izan da, Europar Batasunaren aurrean Espainiako justiziaren akatsak zuzentzeko. Edozein modutan, lehen urratsa dira: orain errepresioa bukatu eta gatazka konpontzeko erabaki politiko gehiago behar dira, amnistia legea eta autodeterminazio erreferenduma.
Puigdemont presidentearen aldebakarreko erreferenduma bide bakarra zela erraten zenuen orduan.
Garai hartan, Espainiako Gobernuari Eskoziakoa bezalako galdeketa lotesle bat egiteko negoziaketa prozesua hemezortzi aldiz eskatu ondotik, argi genuen aldebakarreko erreferenduma zela bide bakarra. Hala ere, argi dago ez genuela uste estatuak indarkeriarekin eta errepresio ikaragarri, anker eta pentsaezin horrekin erantzungo zuenik. Banekien Espainiako Estatuaren demokraziaren kalitatea baxua zela, baina ezin nuen imajinatu Espainiako Polizia herritarrei eraso egiteko gai izango zenik, boto-papera hautetsontzian jartzeagatik.
“Orain errepresioa bukatu eta gatazka konpontzeko erabaki politiko gehiago behar dira, amnistia legea eta autodeterminazio erreferenduma”
Argazkia Dani Codina
Tira, errepresioa ez da kontu berria Espainiako Estatuan. Euskal Herrian aspalditik salatu da.
Bai, Euskal Herrian urratutako eskubideak ezagutzen genituen arren, ez genuen pentsatzen Katalunian errepikatuko zenik. Are gutxiago jendea bozkatzera joateagatik. Modu baketsuan bozkatzera joan ziren herritarrei eraso egitea pentsaezina zitzaigun. Eta gero, ez nuen espero eztabaida bat legebiltzarrean onartzeagatik hamaika urte eta erdiko kartzela zigorra jasoko nuenik. Tira, euren errepresioak Kataluniako herriaren independentzia irrika indartzeko bertzerik ez du balio.
Aldebakarreko bideak ez du funtzionatu. Uste duzu buruzagi independentistak urrunegi joan zinetela?
Ez, gure herriaren gehiengoak aldarrikatzen zuena egin genuen: etorkizuna erabakitzeko hautetsontziak jarri. Autodeterminazio erreferenduma egin genuen eta hori arrakasta kolektiboa izan zen, beti oroitu eta aldarrikatuko dugu. Gero, bere indar errepresibo guztia aplikatu zuen estatu batekin topo egin genuen.
Badago uste duenik Kataluniako Errepublikaren aldarrikapenaren ondotik estrategia falta zegoela. Zer deritzozu?
2017ko udazkenaren ondotik independentisten kontrako errepresio bortitza abiatu zen, espetxeratze eta erbesteratzeekin, eta horren ondotik ezinbertzekoa izan da estrategia elkarbanatu bat eraikitzea, Kataluniaren independentziarantz aurrera egiteko. Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkaren onarpena eta gatazka politikoki konpontzeko Espainiako Gobernua negoziaketa mahaian esertzea lortu dugu. ERCk lan ona egin du zentzu horretan.
Indultuak izan dira azkenean zuen askatasunaren giltza.
Pertsonalki, ez nuen indultuetan pentsatu nahi izan bideratuko zirela jakin nuen arte. Behin jasota, poztu nintzen, herritarren alde, gehiago egin dezakedalako espetxetik kanpo barruan baino, eta familia eta maite nauten pertsona anitzen sufrikarioa bukatu delako horrela. Espetxean sartu nintzenean, nire amak sekula ahantziko ez dudan esaldia erran zidan: “Askatasuna berreskuratzen duzunean hilda egonen naiz”. Eta esaldi horri aurre egitea izan da nire erresistentzia motorra. Era berean, argi dago indultua adabakia dela, espetxeratuta ginen bederatzi lagunentzat irtenbidea. Baina, erbesteratuen eta Katalunian errepresaliatuta dauden hiru mila lagunen egoera ez du konpondu.
“Ez nuen espero eztabaida bat legebiltzarrean onartzeagatik hamaika urte eta erdiko kartzela zigorra jasoko nuenik”
Zer deritzozu negoziaketa mahaiaz?
Erabat eszeptikoa naiz, baina, ezinbertzekoa da. Ezin naiz fidatu, historiak egiaztatzen du Espainiako Gobernuak konpromisoak sistematikoki urratzen dituela. Hala ere, ezin dugu sekula elkarrizketaren bandera bertan behera utzi, horrek sinesgarritasuna ematen digu barruan zein kanpoan. Independentistak ez diren katalan anitz dago eta ikusi behar dute guk ez dugula elkarrizketaren bidea abandonatuko. Era berean, jakin-mina dut Espainiako Gobernuak mahai gainean jarriko duen proposamenari buruz. Gurea, jakina da: amnistia eta autodeterminazioa. Eta badakit Pedro Sanchezek erran duela hori ez dela sekula gertatuko, ez dugula bozkatuko. Baina espetxeratuek zigor osoa beteko genuela ere erran zuen, eta ez da horrela izan.
Politikarako jauzia egin aurretik ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidentea izan zinen. Nola ikusten duzu mugimendu independentista gaur egun?
ANCko presidentea nintzenean elkartearen helburua zen mugimendu independentista batzea, testuingurua bestelakoa zen, independentziaren aldeko gehiengorik ez zegoen eta gobernua autonomista zen. Mugarri handiak lortu genituen, bereziki oroitzen dut giza katearen arrakasta, herrialdea puntatik puntara lotuz. Gaur egungo testuingurua desberdina da, ANCk egiten dituen proposamen batzuk konpartitzen ditut eta bertze hainbat ez. Edozein modutan, mugimendu independentistak indartsu jarraitzen du, eta horren adibidea da azken hauteskundeetan botoen %50a baino gehiago independentziaren aldekoa izan zela. Kataluniako Biltzar Nazionalak ordezkari politikoak bultzatzen jarraitu beharko luke.
ERC eta Junts alderdien arteko desberdintasunek nola eragin diete Puigdemonten bide orrian sinesten zuten milaka lagunei?
Alderdien artean desberdintasunak izan dira beti, erran bezala, horregatik jaio zen ANC: helburu berdina konpartitzen zutenen artean adostasun espazio bat eraikitzeko. Baina, gaur egun ere jendea mobilizatzea aldarrikatzen denean, egin egiten da. Helburua konpartitua denean, desberdintasunak ahanzten dira.
Bide orri argirik gabe, badago uste duenik mugimendu independentista umezurtz dagoela. Konpartitzen duzu?
Inolaz ere ez, mugimendu independentista ezin da umezurtz egon, bultzatzen duena jendea bera baita, eurak dira protagonistak. Egia da jasotako errepresioa kolpe gogorra izan dela, baina mugimenduak bizirik jarraitzen du. Pandemiak ere ez ditu gauzak erraztu, ez du utzi jendea nahi bezala mobilizatzen. Eta, hala ere, aurtengo Diada aparteko mobilizazioa izan da, pandemia garaian egin den jendetsuena. Ez dut inor ezagutzen duela lau urte independentista izanik gaur egun izateari utzi dionik.