cropped-logo-saioa-azul.png

Entrevista Itziar Castro – Argia

ITZIAR CASTRO

ANTZEZLEA ETA POETA

“Garai batean bullyinga egin zidatenak nire fanak dira orain”

 

ITZIAR CASTRO

ANTZEZLEA ETA POETA

“Garai batean bullyinga egin zidatenak nire fanak dira orain”

Aktorea, abeslaria, zuzendaria eta idazlea da Itziar Castro (Bartzelona, 1977). Batek baino gehiagok Vis a vis telesailean egindako antzezpenagatik ezagutu duen arren, antzerkian, telebistan, zineman, musikaletan eta kabaretean ibilbide luzea du. Goya sarietan emakumezko aktore berri onenaren sarian sailkatua izan zen Campeones eta Pieles filmengatik.

Txikia zinela bullyinga egin zizutela salatu izan duzu.

Bai, bullyinga egin zidaten nahiz eta liderra izan. Eskolako ordezkaria izan nintzen, adibidez, kontraesana dirudi, baina, hala da. Zaila izan zen niretzat. Izan ere erasoa ez zidan haur bakar batek egin, baizik eta batek baino gehiagok. Eta horrek zailagoa egiten du dena. Tira, gaur egun garrantzitsuena da garai batean bullyinga egin zidatenak orain nire fanak direla, mina hazkundean eraldatu daitekeela ikasi dut.

Zein izan da biktima izatetik bizirik irauten duenera pasatzeko gakoa?

Nire amaren babesa. Bera beti egon da hor eta erakutsi dit ni desberdin sentiarazten ninduten arren, lanaren iraunkortasunarekin egin nahi nuena lortzeko gai nintzela. Eta urteak pasa diren heinean, nire erronkak ase ditut. Horrek ere mina bigarren maila batean kokatu du.

Arau heteronormatiboak betetzen ez ditugun emakumeon presioa garaitu duzu modu anitzetan. Bertzeen artean zure gorputzaren edertasuna biluziz.

Noski, beti sentitu izan bainaiz zoriontsu nire gorputzarekin: nire gorputza biluzten dut ikaragarri gustuko dudalako. Nudista naiz eta ez dut lotsarik. Eta, gainera, bide honetan topo egin dut nire gorputza arte bilakatu nahi izan duten artista zoragarri anitzekin. Egia erran, horrek ahaldun sentiarazi nau.

Zenbateraino da garrantzitsua aniztasuna ikusaraztea?

Ezinbertzekoa da. Izan ere, gure ingurura begiratzen badugu denok gara desberdinak. Pertsonak, animaliak, natura… Naturalena da desberdin izatea. Gertatzen dena da azken hamarkadetan, batez ere, kontrol eta presio handia sentitzen dugula, batez ere emakumeok, arau berdinak betetzeko.  

Antzezle lana bereziki zorrotza da zentzu horretan. Ateren bat itxi dizuten sentsazioa duzu?

Erranen nuke antzezpena bizitzaren erakusleihoa dela eta, gero eta gehiago, fisiko, etnia eta estilo aniztasuna nagusi dela. Apustu hori egiten duten zuzendariak saritzen direla erranen nuke. Gertatzen dena da, betikoa, zuzendariaren arabera arreta gehiago edo gutxiago jartzen diotela horri.  Tira, ez dut uste aterik itxi zaidanik, pertsonaia desberdinak eta interesgarriak gorpuzteko aukera izan dut beti. Agian pertsonaia gutxiago daude, baina konpetentzia ere, txikiagoa da.

Noiz eta nola murgildu zinen interpretazioaren munduan?

Hiru urterekin dantzatzen hasi nintzen. Nire bizilagunak herriko haurrentzat dantza saioak egiten zituen asteburuetan eta ni harekin hasi nintzen. Ondoren ikastaro amateur anitz egin nituen; dantza, kanta, antzerkia… Hamazazpi urte bete nituenean Bartzelonako Memory eskola ireki zuten, Espainiako antzerki musikala sustatzen zuen lehen eskola. Berehala apuntatu nintzen. Ordurako pare bat figurazio ere eginak nituen telebistan eta hogei urterekin sinatu nuen lehen kontratua, Peter Pan musikalean. Bertan hasi zen dena.

Zer da antzezpena zuretzat?

Bizitzeko eta sentitzeko modua. Geldiezina naiz eta betidanik dena egin nahi izan dut, dena izan nahi nuen: tenis jokalaria, zientzialaria, abokatua, eta, baita hiltzailea ere, irrika. Antzezpenak aukera eman dit hori dena izateko, hein batean.

Idazlea ere bazara. Noiztik?

Poesia betidanik idatzi dut. Badago bere bizitza liburuxka batean idazten duenik. Nik berdina egiten dut poesiaren eta abestien bitartez. Edonon idazten dut, mugikorrarekin, eta, denak inspiratzen nau. Azken hogei urteetan idatzi dut eta orain arte ez nuen ezer publikatu. Ezinbertzekoa zaidalako idazten dut: nire sentimenduak konpartitzeko beharra sentitzen dut eta nire liburua autobiografia emozionala da.

Martxoan publikatu zenuen Con el corazón por delante poesia liburua. Oraindik irakurri ez duenak zergatik egin beharko luke?

Bertan nire arimaren zatitxo bat utzi dudalako irakurleei oparitzeko. Niri buruz ezezaguna den bertze ikuspegi bat aurkituko dute bertan. Liburu hau amodioaz eta desamodioaz solastatzen da, baina, ez bikote edo amoranteez bakarrik; lanaren, inspiratzen nauen jendearen eta familiaren amodio eta desamodioaz. Eta batez ere, nitaz. Uste dut edonork egiten duela bat horrekin.

Nolako harrera izan du liburuak?

Egia erran irakurri duen jendeak gauza politak erran dizkit. Baita Espido Freire gisako ospea duten idazleek ere. Zorionekoa naiz, gainera, Marwal eta Elvira Sastrek babestu nautelako eta era berean txikia sentitzen naiz. Liburu honetan biltzen dudana hain intimoa eta pertsonala da, jendearen eskuetara iritsi eta hainen gauza politak entzuteak erabat hunkitzen nauela.

Antzerkia, zinema, telebista, musikalak, burleskea, zirkua… denetik egin duzu. Zeinetan sentitzen zara erosoago?

Denetan. Lana egitea, ikastea eta konpartitzea maite dut. Eta horiek denak behar ditut zoriontsu izateko.

Amaitzeko, zein proiektu dituzu orain eskuartean?

Liburuaren promozioarekin jarraitzeaz aparte, 2022an Netflixen estreinatuko den Érase una vez pero ya no telesail musikalaren estreinaldiaren zain nago. Ramón Carok zuzendu du eta Sebastián Yatra, Daniela Vega, Rosi de Palma eta Asier Etxeandia daude, bertzeen artean. Bertzalde, hainbat antzezlan, telesail eta pelikula ditut eskuartean.

Aniztasuna aldarri “Bartzelonatik 20 kilometrotara kokatzen den Fontpineda urbanizazioan hazi nintzen. Estoldarik gabeko baso batean. Vicky bikingoaren eta Pippi Kaltzaluzeren arteko nahasketa nintzen: txakur erraldoi batekin eta matxete batekin ibiltzen nintzen basoan etxolak eraikitzen. Gauzak asmatzen nituen eta bizikletarekin lasterketak egiten nituen. Kirol anitz egiten nuen haurtzaroan. Askatasun ikaragarria sentitzen nuen, baina momentu zailak ere bizitu nituen; 8 urte nituenean nire lagunik hoberena galdu nuen istripu batean. Haurtzaroa dualtasun horretan eman nuen, erabateko zoriontasunaren eta hutsune beltzenaren artean”.

Entrevista publicada en:

IMAGE 2021-12-01 23:27:38